Uriberen ondarea
GAZTELUGATXE
Gaztelugatxeko San Juan ez da ahazteko moduko leku bat. Hainbeste argazki eder egingo dituzu… ez duzu jakingo zein aukeratu. Bueltan, jende guztiari erakutsiko dizkiozu, lekua gomendatuko duzu… Gaztelugatxe leku magikoa da.
Hasteko, Biotopo Babestu bat dela jakin behar duzu. Horrek esan nahi du natur balio handiko lekua dela, eta ekosistema ondo zaindu behar dugula. Gainera, interes geoturistiko handiko lekua da. Oso gomendagarria da bisita gidatu bat eskatu eta profesionalen eskutik ezagutzea nola sortu zen hau guztia, duela milaka urte
Denborak, haizeak eta olatuek egindako lan eskultoriko hori da, hain zuzen, Gaztelugatxeren paisaiari berezitasuna ematen diona. Labarrak, kalak, irlak, flyschak… lehen begiratuan harrituta utziko zaituzten formazioak.
Atxulo ingurua Gaztelugatxerako sarbide aparta da. Koba moduko honek Bakiora begiratzeko leiho bat eskaintzen digu, kostaldeko arratsalde eder baten marko paregabea.
Baina benetan ikustekoa dena San Juan irla da, goian ermita duela. Aipatu behar da paisaia hau oso berezia dela, Kantauriko kostaldean oso ezohikoak baitira irlak.
Puntu honetara helduta, harrizko zubia eta 241 eskailera-maila ditugu San Juan ermitaraino. Zoritxarrez, ez da jatorrizko eraikina. Hasierako ermita IX mendekoa zela uste dugu, gerora komentu bihurtu zena.
Kontua da, bataila, sute, lapurreta eta bestelako gertaerak izan direla historian zehar, eta tenplua behin baino gehiagotan berreraiki behar izan dela.
Eta horrelako leku berezietan gertatu ohi den moduan, kondaira eta ohitura ugari sortu dira hemen inguruan. Horietako baten arabera, azken eskailerako oinatza San Juan Bautistarena berarena da. Hiru pausotan heldu omen zen Bermeotik. Oina hemen jartzeak zorte ona dakarrela diote. Hala diote ermitako kanpaia hiru aldiz jotzeari buruz ere: ezpiritu gaiztoak aldentzeko balio omen du. Gogoan izan, Gaztelugatxera etortzea esperientzia ahaztezina da.
Baina, etorri aurretik, hainbat gauza izan beharko dituzu kontuan, zure bisita prestatzeko.
https://www.bizkaia.eus/eus/gaztelugatxe
AUTOZ: Bakiotik, BI-3101 Bakio-Bermeo errepidearen bidez
AUTOBUSEZ (BIZKAIBUS): Kontsultatu hemen lineak, ordutegiak eta maiztasunak