Uribeko herriak
GATIKA
Butroe ibaiak ureztatutako gune zabal eta berdeek paseatzeko paisaia idilikoa osatzen dute, eta beste bitxikeria batzuen artean XVII. eta XVIII. mendeetako baserriak edo oraindik lanean dirauen Lauxarrako errotaren modukoak deskubritzeko aukera izango duzu.
Ibai ertzeko lur hauek, klima epelarekin eta itsasoaren gertutasunarekin batera, mahastiak eta fruta arbolak lantzea ahalbidetzen dute. Inguruko baserri askok gorde dituzte mahats parrak fatxadetan, eta Gatikako frutak, sagardoak eta txakolinak merezitako ospea irabazi dute Bizkaiko nekazaritza azoketan.
Baina badu Gatikak ezinbestean bisitatu behar den zerbait, eta lehen mailako turismo helmuga bilakatzen duena: Butroeko Gaztelua, Bizkaiko monumentu adierazgarrienetako bat, inguru pribilegiatuan kokatua eta aberastasun botaniko handiko lorategi apartaz inguratua. Zalantzarik gabe, Euskadiko irudi politenetako bat.