Leioa
LEIOA
Leioa harro agertzen da, Abrara eta itsasadarrera begira.
Uribeko beste herri askoren historiarekin gertatzen den moduan, herri honena ere Bizkaiko leinuen artean izandako Gerrarekin lotuta dago, sakabanatuta zeuden baserrien ugaritzearekin eta elizateen sorrerarekin.
Leioa izaera anitzeko herria da; betiko nekazaritza eta abeltzaintza jardueraz gain, beste batzuk ere garatu dira, hala nola arrantza, merkataritza-ontziak, gabarra bidezko garraioa eta zirga, Gobelako errotak, burdinolak, ikatz begetalaren ekoizpena edota eraikuntza.
Industrializazioaren eta 60ko hamarkadan enpresa garrantzitsuak finkatzearen ondorioz, Leioa etengabeko eraldaketa eta garapenean egon da; hori dela eta, bertako jendeak kultur eta aisialdi eskaintza zabalaz gozatu du, horien artean, udaberria eta udazkena bitartean auzoetan egiten diren jaiak.
Bereziki aipatuko ditugu Umore Azoka, Lamiakoko Maskarada, San Juan gaueko suak Elexalde inguruan, Basaezen egiten den Marmitako txapelketa edota Ondizen egiten den Bizkaiko Aurresku txapelketa.